astigarraga-manzanas

Astigarragako udalerria Gipuzkoako ipar-ekialdean dago kokatuta, Urumea ibaiaren ezkerraldean, kostaldetik 5 km-tara. 11,46 km2-ko azalera eta 17,159 km-tako perimetroa ditu. Iparraldean Donostia eta Errenteriako udalerriak ditu mugakide, hegoaldean, Hernani eta Donostia (Landarbasoa), ekialdean, Errenteria eta mendebaldean, berriz, Donostia eta Hernani.

Kota altuena udalaren iparraldean dago, Txoritokietan, itsasoaren gainetik 317 m-tara. Udalerriaren iparraldean kokatua dagoen Santiagomendi mendiak ere kota altua du, 299 m. Kota baxuena, berriz, udalerriaren mendebaldean dago, erriberan, 4 m-tara. 2-3 kilometrotako desnibel horrek eta beste zenbait alderdi fisiko eta geologikok, aldapez osatutako erliebea osatzen dute. Udalerri hau erreka askok zeharkatzen dute, hala nola, Urumea ibai-adarrak diren Zakurmendegiko erreka, Oianume erreka, Epele erreka, eta Pasaiako ibaira urak biltzen dituen Putzueta erreka.

Udalerri honen paisaia, gizakia ingurunean sortzen ari den aldaketen erakusgarri argia da. Alde batetik, Urumeak itxuratzen eta zedarritzen duen erribera dago, baratzez, negutegiz eta industriaz josia. Bestetik, nekazaritza jarduerak irauten du, non baserriak, belarzelaiak, sagastiak, hostozabal-zuhaiztiak eta landare-mota exotikoen birlandapenak gailentzen diren.

Azken erroldaren arabera (2010), 4.823 lagun bizi dira Astigarragako Galtzaur, Portutxo, Errekalde, Ergobia, Gurutzeta, Benta eta Santiagomendi auzoetan. Gehienak industria alorrean ari dira lanean batik bat, udalerrian bertan dauden zenbait poligonotan, hala nola, Ubarburun, Zamokan eta Bidebitarten, edo eta inguruko herrietan. Zerbitzu-alorrean ere badihardute. Nekazaritza eta abeltzantza jarduerak badirau, nahiz eta familiako ustiapena ez izan. Bestalde, gero eta gehiago nagusitzen ari da sagardogintza, horretarako birlandapen ugari egin direlarik.

Lehen sektorean (nekazaritza eta abelazkuntza) diharduen biztanle kopurua, beste sektoreetan diharduena baino txikiagoa da nabarmen. Lehen sektore honen barruan --edo, agian, industria eta nekazaritzaren arteko erdibidean--, Sagardotegiak dira garrantzizkoenak gure herrian. Ofizialki, Eraldaketarako Nekazal Elkarteak (SAT) izenaz ezagutzen dira.

 
Industriak begien bistako garrantzia du gure herrian, lehen sektorearekin eta eraikuntzarekin alderatzen badugu behintzat. Astigarragak hiru industrialde ditu: Bidebitarte, Zamoka eta Ibarburu. Batezbeste, industria txikiak dira, 2 eta 10 langile bitarte dituztenak, batik bat.


Jarduera ekonomikoen barruan, merkataritza eta zerbitzuen alorra nagusitzen dira herrian. Funtsean, merkataritza, ostalaritza eta konponketa alorreko jarduerak gailentzen dira. Hain zuzen ere, honako jarduera hauek dira herriko merkatal zentrurik gehienak hartzen dituztenak: elikagaien salmentarekin lotutakoak, tabernak eta jatetxeak.

latest Running | nike flex for $15 dollars money generator